jueves, 8 de marzo de 2012

SARRITAN EGOTEN DIREN PROBLEMAK

APETITURIK EZ IZATEA ETA ZENBAIT JANARIRI MUZIN EGITEA

Haurtzaroan maiz izaten dira problemak elikadurarekin. Lehenbiziko hiletan haurrak muzin egiten die batzuetan bularrari edo biberoiari, edo ez da titia hartzeko gauza. Beranduago zenbait janariri nazka hartzen die batzuetan edo ez du behar adina jaten. Ume batzuk ez dira inoiz gose izaten otorduetan. Askotan ume txiki-txikiei gertatzen zaie. Gehienetan ez dago arrazoi organikorik justifikatzeko zergatik ez duten jateko gogorik, eta jeneralean ume sanoak izaten dira, parametro normalen barrenean hazten ari direnak.

Gogo falta hori aldi batekoa edo luzarokoa izan daiteke:
     a)Familian edo gizartean gertatu den zerbaitengatik:
o   anai-arrebaren bat sortzea.
o   eskolan edo haurtzaindegian hastea
o   etxekoren bat hiltzea edo galtzea...                                         
     b)Behar bezala ez ikasteagatik:
o   gurasoak gehiegi asaldatzen badira umeak jan nahi ez duenean, otordua momentu tentsoa bihurtu etxeko guztientzat eta jatekoa arbuiatzea sortuko da.
o   askotan gurasoek inportantzia handia ematen diote jatekoari eta uste dute umeak asko jaten badu osasun ona izanen duela. Horregatik batzutan gehiegi tematu eta burruka bat sortzen da guraso-umeen artean, behin hasiz gero mozteko zaila.
o   orduekin anarkikoak izatea edo otorduen artean jateagozoki, errefresko, opil eta halakoak gehiegi jatea.
        c) Kausa fisikoa:
o   hortzak.
o   eritasunak.
o   istripua...

ZER EGIN?

Jan nahi ez horrek luze irauten badu, pediatrak problema aztertu behar du, haurra osasunez nola dagoen ikusteko, eta bitaminik edo apetitu pizgarririk behar ote duen begiratzeko. Medikuak aztertu ondoren haurra ongi dela esaten badu, gurasoek etsi behar dute haurrak behar duen adinaxe jaten duela. Baina apetitu eza lehen aipatu gertaera horietako batekin batera etortzen bada (hortzak ateratzea, gaixotzea, anaiarrebaren bat sortzea...), orduan seguruenik arreta ekarrarazteko egiten du hori haurrak, edo tristeziaren sintoma da. Horren aurrean gurasoek profesional baten laguntza eska dezakete. Jateko ohiturak behar bezala eta egoki ikasten ez badira, kontutan hartu behar da seme-alaben jarrera gurasoen
jarreratik ikasitakoa izaten dela. Familiak zer portaera eredu eskaintzen dien, huraxe hartzen dute. Komeni da jarraibide finkoak ezartzea, beti mantendu beharrekoak. Adibidez:

·         Otorduak lasai eta erlajatuta egin behar dira.
·         Bazkal denboran inor ez dadila mahaitik altxa et joan (eserita egoteko denbora gutxienekoa eta gehienekoa markatu).
·          Platerak etortzen diren ordenean jan behar dira.
·         Otorduek, denak biltzeko eta famili bizitza egiteko une izan behar dute. Ez dezala bakoitzak ordu banatan jan; denek elkarrekin jateak erreztu egiten du umeak imitazioz ikastea.
·          Ez egin beste ezer jaten ari zareten bitartean (ez telebista ikusi, ez jostaketan ari, ez egunkaria leitu...).
·         Pixkanaka erakutsi behar zaizkio haurrari jateko ohitura egokiak; haurrak bere etxeko arauak jakin behar ditu; zapia nola erabili, mahaian nola egon, tresnak nola hartu...
·         Janari berriak harraldi txikietan eman haurrari, eta janari batzuk nazka ematen diotela errespetatuz ere, ez bide eman haurraren kasketa eta kapritxoei.
·         Komeni da aurretik negoziatuta edukitzea gutxieneko kantitate bat (batez ere haurrari gustatzen ez zaizkion janarietarako) eta pixkanaka kantitatea handituz joatea.
·         Ez utzi haurrei otorduen artean jaten, ez eta gozoki eta opil gehiegi jaten. Horretarako, haurrak manejatzen duen diruari kontu egin.

Jarraibide hauek gurasoentzako gogoetagai izan nahi dute, haiek oinarri hartuta portaera arau egokiak jar ditzaten. Jarraibide hauek segitzen badira, ohitura egoki eta iraunkorrak sortuko dira haurrarengan. Haurrak etxeko arauok kunplitzen dituen neurrian, esker emanen zaio, portaera laudatuz eta txalo eginaz.
Haurrak otorduetan jarrera desegokia hartzen badu, gurasoek ez dute oihuka hasi behar eta ez haserrerik eta antsietaterik erakutsi edo zigortu. Jarritako denbora pasa ondoren platera erretiratu behar zaio. Hurrengo otorduan, lehengo arau berak segituko dira. Jarraibideok haurraren edadera moldatu behar dira. Hartarako, komeni da gurasoek beste lagunekin eta edade bereko umeak dituzten familiekin konparatzea. Oinarrizko ideia da haurrari utzi behar zaiola bere buruz egin dezakeen guztia egitera (nahiz eta gehiago eta luzeago kostata egin).

OTORDUETAKO PORTAERA

Familia bakoitzean arau batzuk izaten dira jate konturako, belaunez belaun trasmititzen direnak. Arau horiek, ahal dela, gizarteko arau orokorren antzekoak izatea komeni da, haurra hobeki moldatu eta partaidetu dadin bere gizataldean.

Iturria: http://www.doredin.mec.es/documentos/01520092000679.pdf

No hay comentarios:

Publicar un comentario