viernes, 16 de marzo de 2012

FRESH lanaren testuinguruko lau osagai




Osasunarekin lotutako eskola-politikak
Ikastetxeetako osasun-politikek (gaitasunen eta hainbat osasun-zerbitzuren hornikuntzan oinarritutako osasunerako hezkuntza jasotzen dutenek) haurren osasun orokorra, higienea eta elikadura sustatzen lagun dezakete. Hala ere, osasun onerako politikek haratago joan behar dute ingurune fisiko segurua eta ingurune psikosozial positiboa bermatzeko; era berean, ikasleekiko abusua, sexu-jazarpena, ikastetxeko biolentzia, larderia eta antzekoei aurre egin behar diete. Haurdun dauden ikasleen eta ama gazteen hezkuntzaren jarraipena bermatzen bada, osasunerako eskola-politikek ikastetxe-giroko txertaketa eta ekitatea sustatzen lagunduko dute. Ikasleen eta irakasleen jazarpena prebenitzen eta murrizten laguntzen duten politikek ere neskek ikastetxea uzteko arrazoien eta uztera behartzen dituzten arrazoien aurkako borroka sustatzen dute. Irakasle eta ikasleen osasun-praktikekin lotutako politikek osasunerako hezkuntza indar dezakete, adibidez: irakasleak eredu positiboak izan daitezke ikasleentzat, ikastetxean erretzen ez badute. Politikak garatzeko eta hitzartzeko prozesuak gai horiei buruzko arreta ematen du; politikak hobeto garatuko dira maila asko aintzat hartzen badituzte, maila nazionala eta ikastetxeko maila barne, irakasle, haur eta gurasoei dagokienez.
Edateko ura eta osasun-neurriak, funtsezko urratsak ikaskuntza osasungarrirako ingurune fisikoa sortzeko
Ikastetxeko giroak ikasleen osasuna eta elikadura kalte dezake, bereziki haurrak ur-hornidurak eragindako gaixotasun infekziosoen arriskuan jartzen badira. Higienearen hezkuntza alferrikakoa da edateko ur garbirik eta osasun-instalazio egokirik gabe. Herrialde gehienen helburu errealista ikastetxe guztiek edateko ur garbia eta osasun-instalazioak izatea da. Aurreko helburua lortuz gero, ikastetxeek osasunari eta higieneari buruzko mezuak indar ditzakete eta ikasleentzako eta komunitatearentzako, oro har, eredu moduan joka dezakete. Denborarekin, horrek eragin dezake zerbitzu horiek komunitate guztiarentzako lortzeko eskaera egitea. Eraikuntza-politika egokiek eragingo dute instalazioek genero- eta pribatutasun-gaiekin lotura izatea. Neskentzako bakarrik diren osasun-instalazioak, nerabeentzako bereziki, oinarrizko laguntza dira hilerokoaren eraginez edo lehenago ere eskola utzi dutenen tasa murrizteko. Mantentze-politika egokiek bermatuko dute instalazioek seguruak izaten jarrai dezaten.
Gaitasunetan oinarritutako osasunerako hezkuntza
Osasunerako, higienerako eta elikadurarako hezkuntzaren hurbilketa osasunari buruzko erabakiak hartzerakoan modu egokiago eta positiboagoan jokatzeko beharrezkoak diren bizitzarako ezagutzen, jarreren, balioen eta gaitasunen garapenean oinarrituta dago. Testuinguru horretan, osasuna osasun fisikotik haratago zabaltzen da, eta osasun psikosozialaren eta ingurumenaren gaiak jasotzen ditu. Gizarteko faktoreen eta jarrerazko faktoreen aldaketek lehentasuna eman diete, besteak beste, gai hauei: GIB/HIESa, haurdunaldi goiztiarra, lesioak, indarkeria eta tabakoaren eta bestelako substantzia mendekotasun-sortzaileen abusua. Osasunaren kalterako diren faktore sozial eta jarrerazko faktoreek bizitzeko eraren, osasunaren eta elikaduraren gainean eragiten dute eta, horrez gain, eskola-adineko haurren eta nerabeen kopuru hazkorrari hezkuntzarako aukerak murrizten dizkiote. Nesken eta mutilen arteko genero-berdintasunarekin eta errespetuarekin lotutako jarreren garapena eta gaitasun espezifikoen garapena (adiskideen presioa jasatea, esaterako) funtsezkoak dira gaitasunetan oinarritutako osasunerako hezkuntzan eta plano psikosozialeko giro positiboetan. Banakoek halako gaitasunak dituztenean, gertagarriagoa da eskola-urteetan eta bizitzan zehar bizitzeko era osasuntsua hartzea eta mantentzea.
Ikastetxean oinarritutako osasun- eta elikadura-zerbitzuak
Ikastetxeek eraginkortasunez eskain ditzakete hainbat elikadura- eta osasun-zerbitzu, horiek arruntak, seguruak eta ezagunak direnean eta komunitateak garrantzitsutzat jotzen dituen arazo iraunkorrei aurre egiten dietenean, betiere. Irizpide horiei jarraituz gero, irakasleak eta ikastetxea positiboak direla ikusiko du komunitateak eta, horrela, haiek eredu garrantzitsutzat hartuko dira. Esate baterako, gabezia mikronutrizionalak eta parasitoek eragindako infekzioak erraz trata daitezke oso ohikoak ez diren ahozko sendagaiekin (sei hilez behin edo urtean behin), uneko gosea saihesteko (ikaskuntzarako oztopo larria da) otorduen ordu-aldaketak edo ikastetxean afariusia gehitzeak, edo betaurrekoak hornitzeak ikasgelan lehenengo aldiz erabateko partaidetza izatea ahalbidetuko die haur askori.


ITURRIA: http://www.unescoetxea.org/ext/futuros/eu/theme_b/mod08/uncom08t04s02.htm#problems
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario